Ostegunetako berria

Amurrio, indarkeria matxistaren aurkako gazteen topagunea

Datorren larunbatean, Amurrion, indarkeria matxistaren aurkako gazteen topagunea egingo da. Euskal Autonomia Erkidegoko gazteek indarkeria matxistaren aurkako bideo lehiaketa egin dute, eta bertan sariak emango dituzte.

Lehiaketara 310 lan aurkeztu dira. Bideo horietan erakutsi behar zena ezberdintasun eta indarkeria kasuen aurrean nola jokatzea zen. Bideo horiek, 12 eta 26 urte arteko neska-mutilentzat zegoen zuzenduta.

Ekimena Emakundek antolatu du, Eudelen, Foru Aldundien, Jaurlaritzaren, EHUren eta EiTBren laguntzarekin. Helburu nagusia, gazteek, bereziki neskek, indarkeria sexistaren adierazpen ezberdinei aurre egiten ikastea da. Gainera, horrelako kasuen aurrean arduraz jokatu behar dutela irakatsi nahi diete mutilei.

Larunbat arratsaldean tailer ezberdinak izango dira, autodefentsa feministari buruzkoak, eta iluntzean bideo lehiaketaren sari banaketa egingo dute.

Bi kategoria izango dira: 12 eta 17 urte artekoena eta 18 eta 26 urtekoena. Bietan bina sari emango dituzte, 500 eta 300 eurotakoak. Gainera, Internet bidez boto gehien jasotzen duen lanak 300 euroko saria izango du, eta ikus-entzunezko produkziorik onenarentzat ere 300 euroko beste sari bat izango da.

Azaroaren 25ean Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, euskal erakundeek puntu lila erabiltzeko dei egin diete herritarrei, eraso matxisten aurkako konpromisoa erakusteko sinbolo moduan.

Zuek ez dakit baina nik egun horretan ez dut pentsatuko bi alditan, zerbait lila eramango dut arropan! Eta gogoratu neskek asko balio dugula!